2013(e)ko otsailaren 27(a), asteazkena
2013(e)ko otsailaren 26(a), asteartea
Praileaitz haitzuloa
«Praileaitz ez da inorena, denona baizik; gizadiaren altxorra da»
Jaurlaritzaren isiltasuna salatu eta kontzientzia pizteko ekitaldiak antolatu dituzte Praileaitzen Lagunek
ANE URRUTIKOETXEA.
Donostia
Oihu egin dute kultura arloko irakasle, zientzialari, eta bestelako jakitun eta profesionalek. Oihu, iraganeko oihartzunak babestearen alde. Praileaitzen (Deba), kobazuloa setiatu duen harrobiak egunetik egunera arrisku handiagoan ipini ditu bertako antzinako margoak. PSEren gobernuak neurriak hartzeko zina egin zuen Blanca Urgellek sailburu kargua hartzean, baina erantzuna ez da iritsi. Praileaitzen Lagunak taldeak ekintza ugari antolatu ditu datozen hilabeteetarako, jendea kontzientziatzeko eta mugiarazteko.
Bekaizti eta serio aritu ziren taldeko kideak atzo Donostian egin zuten prentsaurrekoan. Bertan egon ziren Fernando Larrukert zinemagilea, Nestor Basterretxea eskultorea eta Maite Marco taldeko presidentea. «Aski da, egin beharrekoa argi eta garbi dago», adierazi zuen Koldobika Jauregi eskultoreak: «Denek babestu gaituzte, guztiek eman dute ontzat gure eskaria. Baina bete gabe jarraitzen du». Eusko Jaurlaritzaren erabateko isiltasuna salatu dute: «Lehengo gobernuaren dekretuak ez du Praileaitz babesteko balio. Gobernu berria bere garaian gauzak aldatzeko prest azaldu zen, baina aurrekoak bezala geldirik dirau». Iaz, Eusko Legebiltzarrak dekretua aldatzeko legezbesteko proposamena onartu zuenean, PSEk aldaketa horren aldeko jarrera irmoa azaldu zuen.
2013(e)ko otsailaren 21(a), osteguna
Moeraki harkaitzak
2012/09/01 Iturria: Elhuyar aldizkaria
Duela 60 milioi urte, itsas hondoko sedimentuan harrizko bola batzuk hasi ziren sortzen. Nukleo batzuen inguruan sedimentuen zementazioz osatutako konkrezioak; urteak pasatu ahala, gero eta handiagoak. Gero, lurrazalean gelditu ziren itsas hondoko sedimentu-geruzak, eta, higaduraren poderioz, agerian inguruko sedimentuak baino gogorragoak ziren harrizko esferak. Moeraki harkaitzak dira.
Zeelanda Berriko hegoaldean daude, Moeraki eta Hampden herrixken artean, Koekohe Beach hondartzan. Handienek 2 metroko diametroa dute eta 7 tona inguru pisatzen dute; txikienak, berriz, futboleko baloi baten tankerakoak dira. 50 bat dira guztira. XIX. mendeko argazkien arabera, gehiago ere izan ziren, baina, dirudienez, txikienak jendeak eraman ditu, lorategian jartzeko, edo oroigarri gisa... Gaur egun, legez babestuta daude, eta debekatuta dago haiek hondatzea, mugitzea, edo graffitiak egitea.
2013(e)ko otsailaren 20(a), asteazkena
2013(e)ko otsailaren 19(a), asteartea
2013(e)ko otsailaren 18(a), astelehena
Norvegiako fiordoak
Iturria: Elhuyar aldizkaria
Norvegian aurkitu ditzakegu naturaren formazio liluragarrienetako batzuk: fiordoak.
Glaziarren ondorioz milaka urtean zehar arrokan sortu diren korridore sakonak dira fiordoak. Beren ibilbide geldo baina etengabean, Norvegiako glaziarrak harriak eta lurra higatuz joan ziren; hala, ibilbide horretan sortuz joan ziren haranak gero eta zabalago eta sakonago bihurtu zituzten. Kalkulatzen da milurteko bakoitzean metro-erdi bat arroka higatzen duela glaziarrak. Urte askoren buruan, glaziarrak itsasora iritsi ziren, eta, han, urtzen hasi. Gero, glaziarrek sortutako haranetan Ipar itsasoa sartu eta urez bete zituen. Horrela jaio ziren fiordoak.
Fiordoen rankingean, Groenlandia dago lehenengo postuan, baina Norvegiakoak dira ezagunenak. Hor dago munduko bigarren fiordo luzeena, Sognefjorden famatua; 204 km luze da. Sognefjorden fiordoa bost besotan banatzen da, eta beso horiek, beste hainbatetan. Haietako bi, Geirangerfjord eta Nordfjord, UNESCOREN gizateriaren ondare naturalaren zerrendan daude.
Nordfjord Norvegiako barnealdeko mendietaraino sartzen da eta, han, Jostedalsbreen glaziarraren ur gezarekin nahasten da. Jostedalsbreen Europako glaziar luzeena da, 100 km ditu.
Uraren mailatik zein airetik, fiordoen pareta ikaragarrien perspektiba txundigarria da. Pareta batzuek 1.800 metroko altuera dute.
2013(e)ko otsailaren 17(a), igandea
Bryce Canyon
2012/10/01 Iturria: Elhuyar aldizkaria
Izotzak, urak eta haizeak milioika urtetan zizelkatutako tximiniaz josita dago Bryce Canyon. Harkaitz horien formak eta kolore gorri, laranja eta zuriek paisaia ikusgarria osatzen dute. Estatu Batuetan, Utah-ren hegomendebaldean dago, 2.000 metrotik gorako altueran.
Bryce Canyon ez da ibai batek eragindako higaduraz sortu, eta, beraz, izen hori duen arren, izatez ez da arroila bat. Aitzitik, 30 bat kilometroan hedatzen diren hainbat anfiteatro natural dira. Eta hoodoo izeneko tximinia itxurako egitura geologikoak dira bertako ezaugarri nabarmenena; luzeenak 60 metrokoak dira. Anfiteatro handiena Bryce anfiteatroa da (argazkietan): 19 km luze, 5 km zabal eta 240 metro sakon da.
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)