2013(e)ko azaroaren 26(a), asteartea

Zientzia eta teknologiaren irudia, gazteen ispiluan

2012/03/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Gaur aurkeztu da Euskal Herriko gazteek zientziari eta teknologiari buruz duten pertzepzioa azaltzen duen azterketa. Ikerketa zabala izan da; hain zuzen, Elhuyar Fundazioko Eneritz Muguruza azterketaren koordinatzailearen arabera, ez dira mugatu gazteek zientziaz eta teknologiaz duten iritzia biltzera: “diagnosi sakon bat egin nahi izan dugu, eta, horretarako, gai horiei buruz duten interesa neurtzeaz gain, haien informatzeko ohiturak ezagutu nahi izan ditugu, eta ikusi nola baloratzen duten eskolan jasotzen duten prestakuntza zientifiko-teknologikoa. Azkenik, bokazioei buruz ere galdetu diegu”.




Euskal Herrian lehen aldiz egin da horrelako azterketa bat, eta, Elhuyar Fundazioarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila eta EHU-BFA Kultura Zientifikoko Katedra dira egileak. Lurralde osoaren egoera ezagutu nahi izan dute; hala, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko ia ehun ikastetxetara joan dira galdeketa egitera, Muguruzak azaldu duenez, “eskolak baitira bide errazena ikasleengana heltzeko”. Guztira, 10 eta 18 urte bitarteko 2.061 ikaslek hartu dute parte.
Azterketa egitera zerk bultzatu dituen azaltzeko, Elhuyarren xedea aipatu du Muguruzak: “Gure xede nagusietako bat zientzia eta teknologia gizarteratzea da, haurretatik hasita. Orduan, guretzat beharrezkoa da jakitea gizarteak nola bizi duen edo nola ikusten duen mundu hori”.
Arrazoi gehiago ere eman ditu Muguruzak: “Bestalde, gure egunerokoan oso presente daude zientzia eta teknologia, eta gero eta gehiago. Hortaz, oso garrantzitsua da gizarteak, eta bereziki gazteek, kultura zientifiko bat garatzea. Gainera, Euskal Herrian eta Europan badago kezka bat bokazioekin, Europako garapen ekonomikorako beharrezkoak izango diren ikertzaileak lortzeko zailtasunak baitaude”. Aurreratu zuenez, azterketa lau urtez behin egiteko asmoa dute, denborarekin aldaketarik badagoen ikusteko.
Gehiago

Irteera egiteko eguraldiaren aurreikuspena



Astebukaeran egiteko planifikatuta daukagun irteera euripean egingo dugula, pentsatzen hasiak gaude.



Aurreikuspen hau kontutan izanik ez ahaztu:




Irteera
  • Goizeko 9tan Oinatiko herriko plazan
Ibilbidea
  • Kotxeetan elkartu eta Oñati, Arantzazu, Urbia, Arantzazu eta Oñatira buelta
Gogoratu
  • Mendiko oinetako aproposak eramateaz gain, euri-elurretarako babesgarri egokiak ere. 
  • Ez ditugu bizikletak eramango.
  • Hamarretakoa Urbiako bordan egingo dugu.

2013(e)ko otsailaren 27(a), asteazkena

Arizonako olatua

2012/06/01 Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arizonako iparraldean, desertuaren erdian, Coyote Buttes izeneko hareharrizko muinoen artean dago The Wave edo "olatua" deitzen zaion leku ikusgarri hau. U-itxurako bi sakonune dira, 36 m luze eta 19 m zabal bata, eta 16 m luze eta 2 m zabal bestea; euri-urak eta haizeak hareharri marradunean higatutako bihurgune leun eta koloretsuak. Hareazko olatu ezinezkoak.


Arizona/ iStockphoto.com/Phototropic

2013(e)ko otsailaren 26(a), asteartea

Praileaitz haitzuloa


  • inprimatzeko bertsioa
  •  
  • e-postaz bidali
«Praileaitz ez da inorena, denona baizik; gizadiaren altxorra da»
Jaurlaritzaren isiltasuna salatu eta kontzientzia pizteko ekitaldiak antolatu dituzte Praileaitzen Lagunek

ANE URRUTIKOETXEA.
Donostia
Oihu egin dute kultura arloko irakasle, zientzialari, eta bestelako jakitun eta profesionalek. Oihu, iraganeko oihartzunak babestearen alde. Praileaitzen (Deba), kobazuloa setiatu duen harrobiak egunetik egunera arrisku handiagoan ipini ditu bertako antzinako margoak. PSEren gobernuak neurriak hartzeko zina egin zuen Blanca Urgellek sailburu kargua hartzean, baina erantzuna ez da iritsi. Praileaitzen Lagunak taldeak ekintza ugari antolatu ditu datozen hilabeteetarako, jendea kontzientziatzeko eta mugiarazteko. 

Bekaizti eta serio aritu ziren taldeko kideak atzo Donostian egin zuten prentsaurrekoan. Bertan egon ziren Fernando Larrukert zinemagilea, Nestor Basterretxea eskultorea eta Maite Marco taldeko presidentea. «Aski da, egin beharrekoa argi eta garbi dago», adierazi zuen Koldobika Jauregi eskultoreak: «Denek babestu gaituzte, guztiek eman dute ontzat gure eskaria. Baina bete gabe jarraitzen du». Eusko Jaurlaritzaren erabateko isiltasuna salatu dute: «Lehengo gobernuaren dekretuak ez du Praileaitz babesteko balio. Gobernu berria bere garaian gauzak aldatzeko prest azaldu zen, baina aurrekoak bezala geldirik dirau». Iaz, Eusko Legebiltzarrak dekretua aldatzeko legezbesteko proposamena onartu zuenean, PSEk aldaketa horren aldeko jarrera irmoa azaldu zuen. 





 

2013(e)ko otsailaren 21(a), osteguna

Moeraki harkaitzak


2012/09/01 Iturria: Elhuyar aldizkaria


Duela 60 milioi urte, itsas hondoko sedimentuan harrizko bola batzuk hasi ziren sortzen. Nukleo batzuen inguruan sedimentuen zementazioz osatutako konkrezioak; urteak pasatu ahala, gero eta handiagoak. Gero, lurrazalean gelditu ziren itsas hondoko sedimentu-geruzak, eta, higaduraren poderioz, agerian inguruko sedimentuak baino gogorragoak ziren harrizko esferak. Moeraki harkaitzak dira.
Zeelanda Berriko hegoaldean daude, Moeraki eta Hampden herrixken artean, Koekohe Beach hondartzan. Handienek 2 metroko diametroa dute eta 7 tona inguru pisatzen dute; txikienak, berriz, futboleko baloi baten tankerakoak dira. 50 bat dira guztira. XIX. mendeko argazkien arabera, gehiago ere izan ziren, baina, dirudienez, txikienak jendeak eraman ditu, lorategian jartzeko, edo oroigarri gisa... Gaur egun, legez babestuta daude, eta debekatuta dago haiek hondatzea, mugitzea, edo graffitiak egitea.